XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Atea zabaltzeko asmotan aintzindu zitzaion Divina Flor, jangelan kaioletan lo zeuden txori, saloiko zumezko mueble eta zintzilik zeuden iratze mazeten tartetik hark ez atzemateko kontu haundi eginez, baina oraingoan ere ateko atalaga baztertu zuenean ezin izan zion itzuri gabiroi harrapariaren eskuari.

Bete-betean heldu zidan artaburutik, esan zidan Divina Flor-ek.

Etxeko zokoren batetan bakarrik aurkitzen ninduen bakoitzean horixe bera egiten zuen beti, hala ere egun hartan ez nuen bestetan bezalako ikararik sentitu, negar egiteko gogo bizi-bizia baizik.

Kanpora irteten uzteko apartatu egin zen, eta erdi zabalik zegoen ate zirriztutik plazako almendroak zituen ikusi elurretan egunsentiko leinuruak jorik, alabaina ezer gehiago ikusteko kemenik ez zuen izan.

Orduantxe zen untziko tutua isildu eta oilarrak ziren kukurrukuka hasi, esan zidan.

Hain zen haundia hango karakotsa, ze pentsaezina zen herrian honenbeste oilar behar zenik, eta gotzaiaren untzian heldu zirela uste izan nuen.